(Artikulu hau bihar argitaratuko da Tolosaldeako Hitzan. Esklusiba-eskusiba, ordea, Txintxarrisferarentzat. Bideoa, berriz, bertan ezagututako Rabab-ek bidali digu Marokon ikasten ari diren ikasleen egoera salatzeko.)
Zeure herrian bertakoa ez bazina moduan sentitu beharra gogorra da.
Kalera atera eta zure inguruko askok, biziko baziren, alde egin behar
izan zutela jakitea ikaragarria, eta zuk zeuk bere garaian ez zenuela
ihes egin baina orain egingo zenukeela pentsatzea itogarria. Eta, hala
ere, askok eta askok bertan jarraitzen dute: Mendebaldeko Sahara
okupatuan. Lur hartakoak dira beraiek eta beraien gurasoak, eta hauen
arbasoak.
Saharar gehienak Aaiun, Smara, Dakhla eta Bojador-en bizi dira, baina
Marokoko Gobernu kolonizatzaileak errolda zehatzik egiten ez duenez,
ezin da jakin zenbat lagun bizi diren herri hauetan, eta are gutxiago
hauetako zenbat diren bertakoak eta zenbat kolonoak (militarrak,
poliziak edo zibilak). Hala ere, diotenez, Aaiunen bertan saharar baino
militar eta polizia gehiago dago. Eta hori nabarmena da hiriburuko
kaleetan: ez dago kale bazter bat bera ere polizia uniformedunik gabe;
eta uniforme gabeak zer esanik ez. Bertakoek oinetakoei begiratzeko
esaten dute: Korri egiteko zapatilak baditu, polizia da.
Korri egitekoak, bai. Izan ere, sahararrek ezin dute zer diren
adierazten duen sinbolo bat bera ere erakutsi, Darrah edo Melfa (jantzi
tradizionala) ez bada, erakutsi orduko paisanoz dagoen poliziak
atxilotu eta torturatu egiten baititu; eta zer esanik ez sahararren
aldeko manifestazio batean parte hartzen badute. Horrelako kasuak
2005. urtean intifada hasi zutenetik ugaritu egin dira eta ez dirudi
Marokok atzera egiterik pentsatzen duenik. Bertan dauden Nazio Batuen
Erakundeko (NBE) indarrek ere ez dute ezer egiten honen inguruan,
neutralak dira-eta. Inoren alde edo kontra egiten ez dutenak.
Saharar moduan agertuz gero torturatzearekin nahikoa ez eta askotan
kartzelara sartzen dituzte, terroristak izatea egotzita edo droga
trafikoan aritu direla esanda. Gaur egun 60 preso politiko inguru daude
kartzeletan: batzuk Marokon zehar sakabanatuak, beste batzuk, gehienak,
Aaiungo kartzela beltzean. Izenak berak dioen moduan, espainiarrek
sortutako kartzela honetan gertatzen dena ilunegia da idazteko ere.
Datuen arabera, 200 lagunentzako tokian 800 lagun omen daude. Presoek
komunetan ere tokia egin behar izaten dute, lo egingo badute.
Baina, ez da hemen bukatzen kartzeletako egoeraren larritasuna. 600
saharar inguru desagertuta daude erreinu osoan zehar dauden kartzela
sekretuetan, Guantanamo txikietan. Hauek zenbat diren jakitea bai dela
ezinezkoa, eta are ezinezkoagoa non dauden jakitea. Diotenez, etxe eta
komisaria askoren sotoak sahararrak ezkutatzeko zoko bihurtu dituzte.
Sukaldeei lotuta, komunari kateatuta, ohera eskuburdinduta… edukitzen
dituzte nahi adina denboran, inork ezin baitu beraien egoeraz galdetu,
teorian desagertuta daude eta. Sahararren teorian desagertu aditza
bahituren sinonimoa da, baina.
15 lagun itsasoan desagertuta
Sidi Mahmud 50 urte inguruko gizon zimela da, ez du ozen hitz egiten
baina bai irmo. Ez da gutxiagorako, bere bi seme beste 13 lagunekin
batera Kanariar Irletarantz abiatu ziren esku artean zenbait DVD
zituztela. DVD hauetan intifadako zenbait bideo eta beste hainbat
argazki zeuden. Familiak beraien berririk ez zuela eta ikertzeko agindu
zuen, itsasoan hil ote ziren jakiteko, bada. Itsasoan pateraren
arrastorik ez, eta zerbait susmatuta galdezka hasi eta hara non jakiten
duten semeak Marokoren kartzela sekretuetan daudela. Zer dela eta
halako interesa Marokok intifadaren berri ez emateko? Zeramatzaten
argazkien artean poliziaren argazkiak ere bazeudelako. Polizia paterei
bultzaka agertzen omen zen zenbait iruditan.
Kontua da, Polizia marokoarrak ez diola inori pateretan ateratzen
uzten, Europako herrialdeekin duen hitzarmena dela medio. Ezin du inork
paterarik hartu, sahararra ez bada. Sahararra bada, itsasuntziz joatera
bultzatzen du eta bidea errazten dio. Ez erabat, ordea.
Khadija Mahyoub-ek kontatzen du 90 lagunez betetako 3 patera abiatu
zirela Kanariar Irletara, baina abiatu orduko itsasuntziko patroi
marokoarrek untzia urperatu eta marina marokoarraren laguntzaz ihes
egin zutela, 90 sahararrak bertan itotzen utzita.
Horrelako eta bestelako kontu ugari entzuten ditu Mendebaldeko Sahara
okupatura bertako berri jakitera joaten denak. Asko eta asko entzun
nahi ez genituzkeenak. Baina batzuetan irakurri eta entzun nahi ez
duguna ere entzun eta irakurri egin behar da.

esklusiba-esklusibak txintxarrisferan egotea pozteakoa da.
Comment by ibusg — May 11, 2008 @ 5:36 pm