Aste honetako berririk posgarrienetariko bat, gu prentsan agertzearekin batera, Neil Young Euskal Herrian izango dugula izan da. Izenez seguruenera entzuna izango duzue, eta ziur bere kantaren bat ere entzuna izango duzuela ia denok. Musikaren historiako handi horietako bat da. Izan ere, 30 urte baino gehiago daramatza oholtza gainean Kanadiar honek.

Baina, agian jakingo ez duzuena da borrokalari sutsua izan dela. Azken aldian AEBetako gobernuaren kontra jardun du (Bush-en kontra, batez ere). Horren adibide 2006an argitaratutako Living With War (gerrarekin bizitzen) lana, Irakeko gerraren kontrako aldarria.

Baina niri harrigarrien, eta pozgarrien, egin zaidana da nekazari eta abeltzainen eskubideen inguruan egin izan duen lana. Oraintxe izan dut honen berri, Post hau idazteko saltsan ari nintzela. Bideo honetan duzue adibide bat. Kontzertu hau Farm-aid (baserriari laguntza) izenpean egin zen eta bertan hainbat musikari estatubatuarrek hartu zuten parte.


Imaginatzen duzue Fermin Muguruza, Benito Lertxundi, Kepa Junkera eta beste hainbesterekin egindako EHNEren aldeko kontzertu bat? Gurean, oraindik moderno izan nahi izatea eta baserri mundua uztartu ezinak dira, nonbait.
Eskerrak badauden salbuespenak. Eskumuinak Gotzenekoei!